Ekainaren 12an berrabiaraziko ditu HABEk euskara maila egiaztatzeko azterketak



Ekainaren 12an berrabiaraziko ditu HABEk euskara maila egiaztatzeko azterketak
HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskara mailak egiaztatzeko prozesuari ekingo dio berriz ere, azterketak COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz atzeratu ostean

Urrats honen helburua da euskaltegietako ikasleen premiei erantzutea eta etorkizun laburrean abian jarriko diren sektore publikoko lanpostuen eskaintzatan aurkeztuko diren herritarrei aukerak zabaltzea.

Deialdi irekiko probak (idazmen eta irakurmen) ekainaren 12 eta 13an egingo dira (Barakaldoko BECen), eta mintzamen probak uztailaren 20an eta 21ean (lurralde bakoitzean).

Deialdi itxiko proben kasuan, konbalidatzen ez direnak ekainaren 15etik 18ra egingo dira, kasu guztietan BECen.

Hortaz, euskaltegietako ikasleen deialdiko entzumen-, irakurmen- eta mintzamen-probak konbalidatu egingo dira, euskaltegian egindako ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz. Era berean, A1, A2 eta B1 mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatuko dira, euskaltegietan, ohi bezala. Ezarritako egutegia aldagarria izango da, unean uneko premiek hala eskatzen badute.

Aurreikuspenen arabera, 14.000 pertsona inguruk parte hartuko dute proba horietan: B2 itxian, 3.500 lagun inguru; C1 itxian, 4.500 lagun inguru; C1 irekian, 5.500 lagun inguru; eta C2 itxian, 350 lagun inguru.

Pandemiaren eraginez bizi dugun egoeraren aurreran, erabaki da azterketa-deialdiak egiteko prebentzio-neurri zehatzak ezartzea, eta baldintzok betetzen dituen aztertoki bakar batean antolatuko dira azterketak, bai euskaltegietako ikasleen deialdiko idazmen-probak, bai deialdi irekiko probak. Horregatik, probok hiru lurraldeetan deitu beharrean, azterketa horiek guztiak Barakaldoko BECen egingo dira. Azterketariek bete beharko dituzte antolatzaileek zehaztutako prebentzio-jarraibideak eta norberaren higienerako neurriak. Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutako deialdia era telematikoan gauzatuko da.

Deialdiok era osasungarrian kudeatzeko, eta bereziki osasun-agintariek xedatutako neurriak jarri, bete eta betearazteko, Prebentzio-batzorde bat antolatuko da. Batzorde horren osaketa izango da: HABEren ordezkaria, batzordeburu lanetan, Eusko Jaurlaritzako Prebentzio- eta Osasun-zerbitzuetako ordezkari bana, BECeko ordezkaria eta Bizkaiko garraio-zerbitzuen ordezkaria.
Barakaldoko BECen egindako azterketa baten artxibo irudia. Argazkia: EFE
Iturria: Eitb.eus


Idaztaraua:

Bait partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatz dadila: bai­naiz, baikara, baitoaz, e.a., eta ez *bai(t) naiz, *bai(t) gara, *bai(t) doaz, e.a.

Iruzkinak