WhatsAppek mezuak kodetuko ditu, pirata informatikoetatik babesteko


WhatsApp, munduko mezularitza aplikazio erabiliena, mezuak kodetzen hasi da, pirata informatikoetatik babesteko. Hala iragarri du aipatutako enpresarekin lotura duen software garatzaile talde batek.
Kodetuta, erabiltzaileek elkartrukatzen dituzten mezuak pasahitz batekin zifratuko dituzte, besterik adierazi ezean. Modu horretan, elkarrizketan era irekian eta adostuan parte hartzen dutenek soilik izango dute mezuak ikusteko aukera.
Open Whiser Systems enpresak agiri baten bidez jakinarazi duenez, WhatsApparen azken bertsioa duten Android erabiltzaileen mezuak kodetuta daude jada. Gainerako plataformetan, berriz, aurki aplikatuko dute prozesua.
Oraingoz, ordea, multimedia edukiak eta taldeko solasaldietan bidaltzen diren mezuak ez dituzte kodifikatu.
Gaur egun 600 milioi erabiltzailetik gora ditu WhatsAppek, eta Googlek eta Applek bezala, segurtasun sistemak hobetzeko prozesua abiatu du. Ebasle informatikoei erabiltzaileek partekatzen dituzten edukietara sartzeko baimena ukatzea da helburua.

Iruzkinak