Ur gazia aurkitu dute Marten

Marteko aldapa batzuetan agertzen diren arrasto ilunetan gatz hidratatuak detektatu ditu nazioarteko ikerketa-talde batek. Horrek indartu egiten du arrasto horiek ur gazi likidoak eragiten dituela dioen hipotesia.
Azken urteetan hartutako erresoluzio handiko irudietan ikusi izan da Marteko aldapa batzuetan periodikoki arrasto ilun batzuk agertzen eta desagertzen direla. Zehazki, sasoi epeletan agertzen dira, eta hotzetan desagertu. Agertzen diren tenperatura-tartea kontuan hartuta, astronomoek pentsatzen zuten ur gazi likidoa izan zitekeela lerro ilun horiek eragiten zituena; baina, orain arte, ez dute lortu ez gatzik, ez urik, detektatzerik.
Orain, NASAren Mars Reconnaissance Orbitereko CRISM espektrometroaren datuei metodo berri bat aplikatuta, gai izan dira arrastoak agertzen diren lekuan gatzak detektatzeko; uretatik hauspeatutako gatz hidratatuak, hain zuzen ere. Eta inguruko lurretan, berriz, ez dute halakorik topatu. Beraz, oso litekeena da, uste bezala, ur gazi likidoa egotea arrasto horien atzean.
Iturria: zientzia.eus

Iruzkinak