Astronomoek 20 ilargi berri aurkitu dituzte saturnoren inguruan

Subaru teleskopioaren bitartez (Mauna Kea, Hawaii), orain arte ezagutzen ez ziren beste hogei ilargi aurkitu dituzte Saturnoren inguruan. Horri esker, Saturno bilakatu da ilargi gehien dituen eguzki-sistemako planeta. Orain arte, Jupiter zen gehien zituena: 79. Saturnok, berriz, 20 berri horiek gehituta, 82 ditu.
Aurkitu dituzten horiek 5 km-ko diametroa dute, gutxi gorabehera; 17 planetaren errotazioaren aurkako noranzkoan orbitatzen dute, eta gainerako hirurek noranzko berean.
Astronomoen esanean, ez ziren planetarekin batera sortu; grabitazio-eremuak gerora harrapatutako gorputzak dira, eta eguzki-sistemaren sorrerari buruzko informazio interesgarria ematen dute.
Saturnoren kanpoaldeko ilargiak hiru multzotan banatzen dira, orbitaren planoarekiko inklinazioaren eta distantziaren arabera: Inuit, Galikoa eta Nordikoa. Orain aurkitu dituztenak, hiru multzotakoak dira, nahiz eta Galikoan sartu duten bakarra nahiko desberdina den aurretik zeudenekiko.
Eredu bat baino gehiago proposatu dituzte azaltzeko nola iritsi ziren Saturnoren ilargi izatera. Agian, aurkitu berrien azterketak ebidentziak eman ditzake egokiena zein den ebazteko.

Iruzkinak