Duela 17.000 urteko maskor bat soinu-tresna izan zen
Itsas-kurkuilu baten maskorra duela 17.000 urte soinu-tresna gisa erabili zutela ondorioztatu dute Tolosako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Goi Paleolitokoa da, eta ezagutzen den gisa horretako tresnarik zaharrena izan litzateke. 1931. urtean aurkitu zuten maskorra, Marsoulas haitzuloan, Pirinioetan. Ez zioten ezer berezirik antzeman, eta, geroztik, Tolosako Historia Naturaleko Museoan dago.
Orain, ordea, irudi-teknika berriekin aztertu dute, eta ikusi dute maskorra landuta dagoela. Ahoaren ezpaina leunduta dauka, muturra nahita hautsita, eta zulo batek barruko egitura zeharkatzen du hainbat puntutan, muturrean substantzia organiko arre bat ere topatu dute, argizaria izan litekeena. Barruan dituen zuloak, eta gai arre hori kontuan hartuta, ondorioztatu dute maskorrari ahoko bat jarri ziotela, hegazti-hezurrezkoa seguruenik.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina