"30 Herri Urrats ttipi", sarea indartzen jarraitzeko

Ihintza Bidart, Herri Urratseko koordinatzailea.

 "30 Herri Urrats ttipi", sarea indartzen jarraitzeko


Esparru guztiak astindu ditu pandemiak, eta euskara ere bete-betean harrapatu du; maila sozialean ez ezik, ekonomikoan ere handia izaten ari da kaltea. Bigarren urtez jarraian, covid-19ak ez du ahalbidetuko maiatzeko bigarren igandean euskara erdigunean jarri eta Senpereko aintziraren jiran jendetza batzea. 50.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen ospakizuna izaki, Herri Urratsek bere ohiko formatua atzean utzi eta pandemia garaiotara egokitu beste aukerarik ez du izan. "Herri Urrats handi bat ezin dugu antolatu, baina Herri Urrats txiki anitz, zergatik ez?". Galdera horri tiraka hasi, eta 30 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan barna, maiatzaren 9rako, "Boga" lelopean. Ihintza Bidart ari da guztiak koordinatzen eta saretzen, eta, mugikortasun neurriak tarteko, tokian tokiko festa horietara joan ezin diren euskaltzaleei, bakoitzak bere modura ospatzeko deia egin die.


Ospakizunaren eredua goitik behera aldatu badute ere, helburuak ("sozialak eta ekonomikoak") ez direla aldatu esan du Bidartek. Euskararen sustapenerako ezinbesteko tresna da Herri Urrats bere sorreratik, eta ikastolen proiektuari ekonomikoki eusteko ere, diru-iturri ezinbestekoa da. "Iaz ospakizun nagusia bertan behera geratu zen arren, jendearen elkartasunari esker, lortu genuen Seaskarentzako laguntza bat, baina hori ez da aski. Gure ikastolen premiei erantzuteko, aurten beharrezkoa da helburu ekonomikoa betetzea. Horregatik, urtarrilean, besteak beste, 'Boga' diru-bilketa kanpaina abiatu genuen", nabarmendu du.



Informazio iturriak: 


www.eitb.eus


Iruzkinak