BATERIA GOZO GOZOAK

Bateria gozo-gozoak
Elhuyar Zientzia
Y.H. Percival Zhang (eskuinean) lankide batekinArg. Virginia Tech College of Agriculture and Life Sciences
Virginiako Institutu Politekniko eta Unibertsitatearen ikerketa-talde batek, azukrearekin dabilen bateria garatu du. Energia  metatzeko gaitasun handia dute bateria berriek, eta birkargatzeko modukoak eta biodegradagarriak ere badira. Hortaz, baliteke etorkizunean ohiko baterien ordezko bihurtzea.
Y. H. Percival Zhang irakasleak gidatutako taldearen ikerketa, Nature Communications aldizkarian argitaratu da. Ikertzailearen arabera, erabateko zentzua du ingurumenean eraginik ez duten azukrezko bateriak erabiltzen hastea, “azukrea naturak energia metatzeko duen konposatu perfektua delako”.
Azukrezko bateriak garatu ahal izateko, Zhang-en taldeak azken urteotan leial izan zaion lan-ildoari jarraitu dio: naturan dauden entzimak nahastea, naturan ez dauden konbinazioetan. Kasu honetan entzima sintetiko bat eraiki zuten, erreakzioaren katalizatzaile modura joka zezan. Entzima horrek, entzimaz osatutako erregai piletan, azukrearen karga-potentzial guztiak erabiltzeko aukera ematen du.  
Gainerako erregai-pilen antzera, azukrezko bateriak airea eta erregaia –maltodextrina, kasu honetan– konbinatzen ditu elektrizitatea eta ura sortzeko.
Azukrezko bateriek ez dute leher egiteko arriskurik, ez dira sukoiak eta energia metatzeko gaitasun handiagoa dute. Kontuan hartuta urtero milioika direla zaborretara botatzen diren bateriak, ingurumenaren ikuspegitik azukrezko bateriak irtenbide egokia dirudite.
Azukrez egindako bateriak, berez, ez dira ezer berria,  baina Virginia Tech-eko ikerketa-taldeak garatu dituenak, orain arte aurkeztu direnak baino askoz ere gaitasun handiagoa dute, telefono mugikorrak birkargatzeko. Percival Zhang berak, 2008an, azukretik abiatuta hidrogenoa lortzeko bidea aurkeztu zuen, esanez etorkizunean petroliotik eratorritako erregaiak ordezkatzeko gai izango zirela.


Iruzkinak